Offshore energiak: hazten ari den merkatua

|Offshore energiak: hazten ari den merkatua

Offshore energiak: hazten ari den merkatua

Offshore energiak izan dira Marine Energy Week itsas energia berriztagarrien kongresuko eztabaidagai nagusia. Biltzar horrek, World Maritime Week-eko gainerako ekitaldiek bezala, erakusketa-gune bat izan du, eta hitzaldien programa interesgarri bat eskaini.

Atzo, «Offshore energiak: hazten ari den merkatua» solasaldia izan zen. Irekiera-saioa Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta Euskadiko Energia Klusterreko zuzendari Jose Ignacio Hormaechek eskaini zuten. Azken hori Iberdrola, DG Mare eta Siemens Gamesa-ko ordezkariak bildu zituen mahai-inguru baten moderatzailea ere izan zen. Horren haritik, Ansolak offshore energien arloko gaur egungo egoerari eta joerei buruzko iritzia eman zuen. Euskal industriaren gaitasun teknologikoak azpimarratu zituen, eta nabarmendu zuen EEE «aitzindaria izan dela laguntzak ematen itsasoko prototipo eta gailuak probatzeko, garapen teknologikoa sustatze aldera, baina baita arrisku-inbertsioak ere, hala baitira berrikuntza teknologikoaren aldeko apustu guztiak».

Bestalde, José Ignacio Hormaechek azpimarratu zuen beharrezkoa dela «offshore energien sektorean lan egiteko Euskadik duen gaitasuna erakusten jarraitzea; Euskadin, dagoeneko 50 enpresak baino gehiagok egiten dute lan sektore horretan». Hormaecheren hitzetan, «itsas energietako offshore atala apustu bat da; merkatu-segmentu hori hazten ari da eta aukera ezin hobeak eskaintzen ditu, bereziki Europan, hura ari baita gehien ematen eta hura haziko baita gehien datozen urteetan».

Bere hitzaldian, Iberdrolako offshore teknologietako zuzendari Víctor Reyk aipatu zuen oso bizkor ari dela aplikatzen berrikuntza itsas energia eolikoan, eta nabarmendu zuen aurrerapen teknologikoek garrantzi handia izan dutela kostuak murrizteko. Reyren hitzetan, «Europan, energia eoliko guztiaren % 10 itsas energia eolikoa da. Datozen urteetan hor inbertituko da gehien, eta aurrean egon nahi dugu».

DG Mare-ko zuzendari nagusi eta Europako Batzordearen itsas eta arrantza-gaietako politiken arduradun Xabier Guillouk itsas energien inguruko iritzia eman zuen, eta datozen urteetan zer bilakaera izango duten aztertu. Esan zuenez, «aurreikuspenen arabera, Europar Batasuneko energiaren laurden bat offshore-koa izango da 2050ean». Ildo beretik, sektorearen gaur egungo egoera eta erronka teknologikoak aztertzerakoan, Poul SkjÆrbÆkek esan zuen «itsas energia eolikoak aukera ugari eskaintzen dituela, eta prezioek behera egitea ahalbidetzen; horrek merkatu berrien hazkuntza eta garapena bizkortuko du».

Arratsaldeko eztabaida elkarlanean egindako garapen teknologikoko proiektuei buruzkoa izan zen, eta Tecnaliako Offshore Energia Berriztagarrietako zuzendari José Luis Villatek moderatu zuen. Bertan izan ziren, besteak beste, Nautilus Floating Solutions, Vicinay Marine Innovation, Iberdrola Renovables eta IDOM.

-ek idatzirik|2019-02-14T17:39:14+01:0014 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi