World Maritime Week 2027k itsas industriako profesionalak, enpresak, elkarteak eta erakundeak bilduko ditu martxoaren 9 eta 10ean Bilbao Exhibition Centren. Hitzordua ezagutza partekatzeko, negozio-aukerak sortzeko eta sektorearen inguruan aliantza berriak bultzatzeko topagune gisa finkatuko da berriro.
Horrekin lotuta, enpresen parte-hartzea hasi da dagoeneko erakusketa eremuan forma hartzen. Itsas industriara zuzendutako beren produktu, zerbitzu eta soluzioak aurkezteko asmoz, World Maritime Week 2027n izango direla baieztatu dute dagoeneko enpresa hauek, besteak beste: Astilleros Armon, Astilleros Murueta, Bergen Engines, Bureau Veritas, GEA Westfalia, Igus, Instituto Social de la Marina (Itsasoko Gizarte Institutua), Murimar Seguros, Sintemar eta Stem Fuels.
Enpresek emandako babes horri itsas, energia eta portu arloko erreferentziazko erakunde eta instituzioek emandako laguntza gehitu behar zaio. Horien artean daude Euskal Itsas Foroa, BASQUENERGY Cluster, Bilboko Portu Agintaritza eta Uniport, baita sektoreko elkarte hauek ere: AINE – Espainiako Itsas eta Ozeano Ingeniarien Elkartea, AVCCMM-Asociación Vasca de Capitanes de la Marina Mercante elkartea, ANAVAS – Euskal Ontzijabeen Elkartea eta ASMANAVE – Itsas Makineria Langileen Elkartea .
Hurrengo edizioan, World Maritime Weekek itsas ekosistema osoarentzako erreferentziazko topagune gisa duen eginkizuna indartuko du, zeharkako edukiak eta azterketa espezializaturako guneak uztartuko dituen programaren bidez. Kongresu eremuak estatuko eta nazioarteko hizlariak bilduko ditu, eta haiek industriaren erronka eta aukera nagusiei buruzko ikuspegia eta esperientzia partekatuko dituzte.
Edukiek itsas sektore osoari eragiten dioten gaiak jorratuko dituzte, hala nola berrikuntza, jasangarritasuna eta digitalizazioa, eta, aldi berean, haren esparru bakoitzerako saio espezifikoak eskainiko dituzte. Sinaval, Eurofishing, FuturePort eta Marine Energy izango dira topaketaren ardatz tematiko nagusiak, ontzigintza, arrantza, portuak eta itsas energia berriztagarrien sektoreei buruzko ikuspegi espezializatuarekin.
Networkingeko jarduerak berriro ere protagonismo berezia izango du programazioan. Hosted Buyers’ Programme programak B2B bilerak erraztuko ditu enpresa erakusketarien eta estatuko zein nazioarteko erosleen artean, harreman komertzialak sustatzeko eta lankidetzarako aukera berriak zabaltzeko helburuarekin. Proposamena truke profesionalerako beste gune batzuekin osatuko da, hala nola WMW Awards sarien hirugarren edizioarekin.
World Maritime Week ekitaldiaren balio bereizgarrietako bat hura antolatzen duen lurraldearekin duen lotura estua da. Lurraldean errotuta egonda, topaketak nazioarteko proiekzioa du, tokiko gaitasunak beste herrialde batzuetako merkatu, enpresa eta profesionalekin konektatzeko. Euskadik ekonomia urdinari estu lotutako industria-, portu-, ontzigintza- eta teknologia-sarea du. Horri esker, BEC ezaugarri hauek dituen hitzordua jasotzeko bereziki toki esanguratsua da.
WORLD MARITIME WEEK Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta honako erakunde hauen babesa du: SPRI Taldea – Eusko Jaurlaritza, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia, bazkide instituzional gisa; eta BASQUENERGY Cluster, Euskal Itsas Foroa eta Uniport Bilbao, sektoreko bazkide gisa.

Iruzkin bat utzi