Abian da World Maritime Week-en bosgarren edizioa: itsas industria globalari buruzko nazioarteko foroa, gaur hasi eta martxoaren 21era bitartean Bilbao Exhibition Centren egingo dena. Goizeko 10:30ean egin da inaugurazio-ekitaldia, Luxua pabiloian, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua buru izan delarik. Berarekin batera, irekiera ofizialean hartu dute parte ere Cristina Múgicak, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendariak; Irantzu Allendek, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuordeak; eta Xabier Basañezek, Bilbao Exhibtion Centreko zuzendari nagusiak.

Lehen eguna saio transbersalekin hasi da. Hasierako keynoteak Polyvios Eliofotou-k, Kadis komisarioaren kabineteko adituak (Arrantza eta Ozeanoetako Europako Komisarioa – Europako Batzordea) eta Xabier Viterik, Iberdrolako Energia Berriztagarrien zuzendariak, aurkeztu dituzte. Horien ostean, Garapen Jasangarrirako Ekonomia Urdina izan da topaketen ardatza eta, gerora, erakundeetako ordezkariek zuzendu duten Ekonomia Urdina instituzioen ikuspegitik saioa. Atsedenaldi labur baten ondoren, saio sektorialekin jarraituko du programak.

Hiru egunetan zehar, World Maritime Week-ek ontzigintzako (Sinaval), arrantza-sektoreko (EuroFishing), portuen sektoreko (FuturePort) eta itsas energia berriztagarrien sektoreko (Marine Energy Week) profesionalak hartuko ditu. Hitzordua hiru kontzeptu nagusien inguruan dago antolatuta: Innovation, Knowledge eta Networking. Horiek nabariak dira, kongresu-programan ez ezik, 50 enpresa lider baino gehiagoren azken berrikuntza teknologikoak hartzen dituen Erakusketa Gunean eta networking-erako diseinatutako aukera ugarietan; horien artean, Hosted Buyers’ Programme-n kokatutako B2B bilerak nabarmentzen direlarik.