Mare Forum gehitzeak azokaren nazioarteko dimentsioa indartuko du
World Maritime Week azokaren hurrengo edizioan Mare Forum egingo da, eta, 25 urte baino gehiagoko ibilbidean lehen aldiz, Espainiara iritsiko da. Mare Forum Spain 2027ko martxoaren 9an egingo da, egun osoan zehar, World Maritime Week azokaren lehen egunean.
Bi ekitaldiak batera egiteak nazioarteko sektoreko eragile nagusien arteko harremanak indartzen lagunduko du. “Mare Forum World Maritime Week azokara iristeak azken edizioetan garatzen ari garen lan-ildoa indartu du: sektorearen industria- eta teknologia-gaitasuna hainbat merkatutako profesionalekin eta erakundeekin konektatzea. Harreman horiek bi noranzkoetan zabaltzeko aukera da, eta, gainera, etorkizunean ere aurrera jarraitzeko bokazioarekin sortu den lankidetza da”, adierazi du Maite Santayanak, WMWko Event Managerrak.
Bestalde, Georgios Kostoulas Mare Forumeko zuzendari exekutiboak nabarmendu duenez, “25 urte baino gehiagoz, Mare Forumek itsas industriarekin lotutako erabaki estrategikoak hartzen dituzten profesionalak bildu ditu, sektorearen erronka nagusiei buruzko zuzeneko eztabaidaguneetan. Topaketa hau lehen aldiz World Maritime Week azokaren barruan egiteak gure nazioarteko sarea Europako itsas balio-kate osatuenetako batekin konektatzeko aukera emango du, eta Euskadiko eta Espainiako enpresei mundu mailako itsats industrian erabakiak hartzeko gaitasuna duten profesional nagusietako batzuk gerturatuko dizkie”.
Lehen edizio hau hartzeko lurralde hau aukeratu izana bertako itsas eta industria-ekosistemaren ezaugarriekin estuki lotuta dago. Bizkaia eta Euskadik espezializazio-maila handiko itsas baliokatea dute, eta bertan parte hartzen dute ontziola, armadore, ekipamendu-fabrikatzaile, ingeniaritza-enpresa, zerbitzu-enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate, portu-agintaritza eta beste eragile espezializatu batzuek. Horri nazioarteko merkatuetara bideratutako orientazio sendoa gehitu behar zaio; izan ere, nazioartekotzea eta lehiakortasuna ildo estrategikoak dira sektore horretan.
Bestalde, Mare Forum 1999an sortu zen, Rotterdamen du egoitza eta mundu osoko hainbat hiritan 350 topaketa baino gehiago antolatu ditu. Urte hauetan guztietan, itsas industriaren erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzen duten askotariko eragileak bildu ditu: armadoreak eta ontzi-konpainiak, goi-zuzendaritzako kideak, inbertitzaileak eta finantza-erakundeak, ontziolak, teknologia- eta zerbitzu-enpresak, erakundeak eta beste profesional batzuk.
Bere formatuaren ezaugarri nagusiak dira eztabaida zuzena eta profil seniorren parte-hartzea sektorearentzat estrategikoak diren gaien inguruan. Mare Forum Spainen lehen edizioak ildo horri eutsiko dio, eta, besteak beste, gai hauek landuko dituen agenda izango du: geopolitika eta merkataritza-bide berriak, Europako itsas estrategia, ontzigintzaren lehiakortasuna, trantsizio energetikoa, finantzaketa eta inbertsioa, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, digitalizazioa eta shippingeko merkatuen bilakaera.
World Maritime Weeken eta Mare Forumen arteko lankidetzak garrantzi berezia hartzen du itsas industriak erronka handiei aurre egin behar dien une honetan. Deskarbonizazioa, trantsizio energetikoa eta erregai berriak, flotak berritzea, digitalizazioa, garapen teknologikoa, inbertsioetarako finantzaketa, nazioarteko merkatuen bilakaera eta Europako itsas industriaren lehiakortasuna armadoreen, inbertitzaileen, ontziolen, portuen, teknologia-hornitzaileen eta balio-kateko gainerako eragileen estrategiak baldintzatzen ari dira. Testuinguru horretan, World Maritime Weekeko eta Mare Forumeko parte-hartzaileen arteko topaketak ezagutza trukatzeko, harremanak sortzeko eta sektoreko enpresentzat zein profesionalentzat negozio-aukerak garatzeko aukerak zabalduko ditu.
WORLD MARITIME WEEK Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta honako erakunde hauen babesa du: SPRI Taldea – Eusko Jaurlaritza; Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila; eta Bizkaiko Foru Aldundia, bazkide instituzional gisa; eta BASQUENERGY Cluster, Euskal Itsas Foroa eta Uniport Bilbao, sektoreko bazkide gisa.

Iruzkin bat utzi