World Maritime Week azokaren bosgarren edizioa egingo du Bilbao Exhibition Centren, martxoaren 19tik 21era, munduko itsas industriaren aukerak eta erronkak handiak diren une honetan. Erreferentziazko hitzordua da ontzigintzarentzat (Sinaval), arrantza-sektorearentzat (EuroFishing), portuen sektorearentzat (FuturePort) eta itsasoko energia berriztagarrien sektorearentzat (Marine Energy Week). Kongresuen egitaraua oso betea izango da eta, horrez gain, erakusketa-eremu bat egongo da, eta networkingerako aukera ugari, tartean, Hosted Buyers’ Programme-a.

Halaber, WORKinn For WMW aurkeztuko da aurten lehen aldiz. Hainbat helburu izango ditu espazio horrek: gazteei itsas sektoreko enpleguarekiko interesa piztea, enpresen beharren eta pertsonen prestakuntza kualifikaturik ezaren arteko distantzia murriztea, eta belaunaldien arteko erreleboaren erronkari heltzea. Edizio honetan Luxua pabiloian egingo dira egitarauko jarduera guztiak, parte-hartzaileen arteko interakzioa errazteko.

World Maritime Week azokak Erronka Garbia zigilua lortu du; ekitaldia jasangarria dela eta ingurumena errespetatzen duela ziurtatzen du zigilu horrek. Antolakuntza taldeak datozen asteetan bukatzea espero duen aitortza-prozesu baten fase garrantzitsua da. Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ematen du ziurtapen hori, eta Bilbao Exhibition Centre jasangarritasunaren arloan egiten ari den lana aitortzen du; hain zuzen ere, bere plan estrategikoaren oinarrietako bat da jasangarritasuna.

Inaugurazio-ekitaldia hilaren 19an egingo dute, asteazkenean. Ekitaldiaren burua Mikel Jauregi izango da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua Saioa 10:30ean hasiko da, eta honakoek parte hartuko dute: Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua; eta Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua.

 

4 kongresu, mundu mailako ospea duten ia 70 hizlarirekin

WMW azokaren kongresu-egitarauak lau sektoretako saio espezifikoak eta industria osorako esanguratsuak diren zeharkako saioak konbinatuko ditu oraingoan ere. Ia 70 adituk gidatuko dituzte horiek. Keynoteen, ponentzien eta mahai-inguruen (estatuko eta nazioarteko enpresetako goi mailako profesionalek hartuko dute parte) bidez, industriaren joerak markatuko dituen eztabaidan parte har dezakete kongresukideek.

Keynote batekin hasiko dira bi egunak; industrian ibilbide luzea eta ospea dituzten profesionalek aurkeztuko dituzte horiek. Lehenengo egunean Polyvios Eliofotou (Kadis komisarioaren kabineteko aditua eta Europako Arrantzaren eta Ozeanoen arloko komisarioa Europako Batzordean) eta Xabier Viteri (Iberdrolako Energia Berriztagarrien zuzendaria) izango dira aurkezleak. Eta, bigarren egunean, Jaap Gebraad (Waterborne Technology Platformeko idazkari nagusia) eta Aitor Arzuaga (Alba Emission Free Energy-ko Zuzendari Nagusia, (Petronor)) arduratuko dira aurkezpenez.

Sektoreko saioei dagokienez, ontzigintza-sektoreko profesionalak bilduko ditu Sinavalek, eta hainbat gai landuko dituzte horiek, hala nola kolaborazio publiko-pribatua eta I+G+b finantzaketa. Bestetik, arrantza-industriaren sektorea EuroFishingen bilduko da. Edizio honetan, egitarauan nabarmentzen den moduan, arrantza-industriari buruzko ponentziek honako gaiari jarriko diote arreta: Proteina Urdina: Elikagaien Segurtasuna eta Subiranotasuna. Lehenengo egunean nazioarteko ikuspegitik landuko dute, eta, bigarren egunean, Europaren ikuspegitik.

Portuei buruzko Futureport kongresuak lau kontzeptu nagusi izango ditu: digitalizazioa, zibersegurtasuna, jasangarritasuna eta deskarbonizazioa. Eta laugarren kongresuak, Marine Energy Week izenekoak, itsasoko energia berriztagarrien arloko adituak bilduko ditu. Horiek, honakoari buruz eztabaidatuko dute: eolika flotatzailearen eta energia ozeanikoen aurrerapen teknologikoak, eta sektore horiek merkatuei egindako erasoa.

 

Erakusketa eremua: bost kontinenteetako enpresa liderrak

Luxua pabiloiak enpresa erakusketariak jasoko ditu. Horiek, estatuko eta nazioarteko 53 enpresen produktuen eta zerbitzuen berritasunak aurkeztuko dituzte. Industriako erreferente handiak egongo dira eremu horretan: Astilleros Armon (Asturias), Astilleros Gondán (Asturias), Astilleros de Murueta (Euskadi), Bergen Engines (Norvegia), Bombas Azcue (Euskadi), Cintranaval (Euskadi), Coterena (Galizia), GEA Westfalia (Alemania), Palfinger Marine (Madril), Panelship (Galizia), Rings Around The World (AEB.), Sintemar (Euskadi), VES Renewable/VINCI Energies España eta Vulkan Española, beste askoren artean. Enpresa horiekin batera, industrian pisu handia duten erakundeak eta elkarteak ere bertan izango dira, hala nola Eusko Jaurlaritza, Energiaren Klusterra, Euskal Itsas Foroa eta UniportBilbao.

Erakusketa eremuak, halaber, Innovation Workshop izeneko aurkezpenak ere jasoko ditu. Aurkezpen arinak izango dira, azken berrikuntza teknologikoei, kasu praktikoei eta itsas sektorearen barruko soluziorik onenei buruz. Enpresa erakusketariek eta babesleek egingo dituzte aurkezpen horiek. Esku-hartze horien bidez, hainbat enpresa eta erakunderen proposamenak ezagutu ahal izango dira; adibidez, Ferri, H2Site, Idasa, Isati, OilKontrol, Tecnalia eta beste batzuenak.

 

Networkingeko egitarau zabala

Hosted Buyers’ Programme izango da aurten ere WMW azokaren erakargarri nagusietako bat. Enpresa erakusketarien eskariak jasotzen ditu egitasmo horrek. Hala, estatuko eta nazioarteko enpresa armadoreen, eraikitzaileen, ontzi-enpresen eta ontziolen presentzia bermatzen da, eta B2B bilerak ziurtatzen dira horiekin. Hala, nabarmentzekoa da hainbat herrialdetako profesionalek parte hartuko dutela, hala nola Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Ekuador, Peru, Polonia, Erresuma Batua, Turkia edo Uruguai. Horrez gain, Navantia, Suardiaz Group eta Espainiako itsas armada, besteak beste, izango dira parte hartuko duten estatuko enpresak.

Bestetik, itsas sektorea bultzatzen duten eragileen bikaintasuna eta lorpenak aitortuko dituzte WMW Awards sarien bigarren edizioan. Lau sari banatuko dituzte sari-banaketaren zeremonian: ordezkatutako sektore bakoitzeko bat. Gainera, aitortza berezia egingo diote enpresa baten ibilbideari. Torre BEC jatetxean egingo dute ekitaldia, lehenengo egunaren amaieran, koktel esklusibo batean, zuzeneko musikarekin. Industriako enpresa liderretako goi-karguak izango dira bertan.

Halaber, hitzorduaren azken egunean Bisita Teknikoak egingo dituzte. Aukera paregabea izango da itsas sektoreko enpresa-ehuna eta enpresa parte-hartzaileen egunerokoa hobeto ezagutzeko eta, gainera, lagungarria izango da ideien trukea bultzatzeko eta enpresen arteko konexioak indartzeko. Bisiten bi bloke antolatuko dira: bata, Ontzigintzari buruzkoa (Wärstilä eta Navacel) eta, bestea, Energiari eta Portuei buruzkoa (Bilboko Portu Agintaritza eta Tecnalia).

 

WORKinn, talentuarentzako espazio integrala

WORKinn Talent Hub Bilbao Exhibition Centre-ko azoka profesionaletan egiten den zeharkako proiektua da. Horregatik, lehen aldiz, WORKinn For WMW hartuko du barne aurtengo World Maritime Week-ek. Itsas industriako talentua, enpresak eta erakundeak elkartzeko puntua izan nahi du guneak. Martxoaren 20an izango da, 09:00etatik 14:30era, eta interesa dutenek aukera izango dute nabigazioko eta soldadurako simulagailu birtualak erabiltzeko, lan-eskaintzak eskuratzeko eta hezkuntza-programa espezifikoei buruzko informazioa eta aholkularitza jasotzeko.

AFMrekin batera antolatutako enplegu foro hau hiru arlo giltzarritan egituratuta dago espazioa: Inspire Gunea, simulagailuekin, errealitate areagotuarekin eta erakustaldiekin; Networking Gunea, lan-eskaintzekin eta sektoreko enpresetako eta hezkuntza-zentroetako ordezkariekin; eta Learn Gunea, industriaren etorkizuna markatuko duten azterlanak, joerak eta proiektuak ezagutzeko.

Hezkuntza-zentro, erakunde eta enpresa parte-hartzaileen artean, honakoak daude: Adecco, Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola, Bizkaiko Merkataritza Ontzidiaren Kapitainen Elkartea, Bilboko Portu Agintaritza, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII, Cintranaval, Euskal Itsas Foroa, Santurtzi LH, Itsasoko Gizarte Institutua, Isati, MAVI Formación, Pevasa, Siport 21 eta Trafag.

WORKinn Talent Hub Bilbao Exhibition Centre-ko azoka profesionaletan egiten den proiektu transbertsala da.

 

WORLD MARITIME WEEK Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren, SPRI Taldearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du, partner instituzional gisa; eta Energia Klusterraren, Euskal Itsas Foroaren eta Uniport Bilbaoren laguntza, partner sektorial gisa.