B2B topaketen balorazioa: erosleen lekukotzak

B2B topaketak beharrezko negozio-eremu bat dira preskriptoreek eta hornitzaileek informazioa trukatu ahal izateko. Aurten gonbidatu diren nazioarteko 35 erosleak enpresa erakusketariekin bilera ugari hitzartuta etorri dira; guztira, 458 topaketa izan dira zalantzarik gabe World Maritime Week-en elementu estrategikoetako bat den atal honetan.

Aurtengo ordezkaritza osatu duten profesionaletako bat Gerardo Fuentes Cortés izan da, Grupo TMM taldeko Negozio Berrietako kudeatzailea, 2017an ere World Maritime Week-en izan zena. Ontzi-enpresa mexikarra liderra da itsas garraioan, eta offshore sektorean ari da ardazten bere jarduera. Zuzendariaren hitzetan, «guretzat, World Maritime Week-en moduko ekitaldiak funtsezkoak dira, hemen ematen dugun denbora enpresak duen estrategiaren parte baita. Estrategia horren barruan, erregaia garraiatzeko nazioarteko gure zerbitzuak erakutsi nahi ditugu, Espainiako ontzigintza-industriarekin harremanetan jarri, eta merkatua nola ikusten duen jakin. Lan egiteko aukera eta merkatu-nitxo berrien bila etorri gara». Historikoki, Grupo TMM taldeak estatuko PEMEX enpresarekin egin du lan, baina, energiaren arloko berrikuntzei esker, petrolio-enpresa handiak ditu dagoeneko bezero-zorroan; besteak beste, Exxon, Shell eta BP. Bere goiburuaren arabera, «kalitatea eta konpromisoa» eskaintzen ditu zerbitzu guztietan (tartean, edukiontzien eta karga lehorraren garraioa, tanga-ontziak, karga kimikoko ontziak, biltegiratze-lanen, portuen eta zerbitzuen logistika, eta biltegiratze-lan fiskal bereziak).

Berjaya Dockyard SDN BHD ontzigintza-enpresako proiektu-buru Ting Ing Ting-en arabera, topaketa hauek «aukera bikaina dira itsas sektoreko enpresa eta hornitzaileekin harremanetan jartzeko». Ting Ing Ting-ek World Maritime Week-en lehenengo edizioko B2B topaketetan ere hartu zuen parte, eta aurtengoetan ere izan da. Ting Ing Ting-en hitzetan, «gure enpresak Malaysian du egoitza, eta Europako enpresekin harreman zuzena izatea oso baliotsua da guretzat».

Temu Keso, Alfons Hakans itsasontzien enpresa eraikitzailearen hitzetan, topaketek aurreikuspenak gainditu dituztela. “Guk, Finlandiako eta Estoniako kostan jarduten duten 40 itsasontzi – Atoiontziak, salbamendukoak eta izotz-hausle ontziak- baino gehiago ditugu, eta mota guztietako hornitzaileak behar ditugu, batez ere mekanikoak. Enpresa interesgarriekin bildu naiz. Gure herrialdean itsas garraioa oso garrantzitsua da uharte moduko bat garelako. “

Jaime Antonio Sanchezek, Astivik Shipyard-eko lehendakariordeak, lehen aldiz parte hartu du topagunean, eta oso balorazio positiboa egin du bere parte-hartzearen inguruan. Adierazi bezala, “gure aukerak zabaltzera etorri gara, eta helburua betetzen ari gara”. “Gure ontziolak 47 urte ditu merkatuan, eta gure proiektuak Kolonbian garatu ditugu gehienbat. Orain saiatzen ari garena da Espainia eta Europako enpresekin zabaltzea, Kolonbiako industria eraginkor eta modernoago bihurtzen saiatuz”.

B2B programak beste herrialde batzuetatik etorritako ordezkariak ere bildu ditu BEC-en; besteak beste, herrialde hauetatik etorritakoak: Filipinak, Thailandia, Alemania, Grezia, Erresuma Batua, Irlanda, Iran, Frantzia, Belgika, Egipto eta Maroko.

By |2019-02-14T15:31:43+01:0014 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Comments

Leave A Comment