Marine Energy Week Kongresuaren itsas energia berriztagarrien mundu-industria bilduko du Euskadin

Marine Energy Week Kongresuaren hirugarren edizioak itsas energia berriztagarrien mundu-industria bilduko du Euskadin.

Bilbon antolatuko da, martxoaren 27tik 31ra bitarteko astean

  • 500dik gora ordezkari, nazioarteko aditu eta puntako teknologia-enpresa izango dira BECen martxoaren 27tik 31ra bitarte.
  • Itsasoaren sektoreak aukera handiak eskaintzen ditu energia berriztagarria sortzeko eta teknologiaren industrian eta ontzigintzan produkzio-sektore berriak sortzeko.

EEE Energiaren Euskal Erakundeak, TECNALIA Korporazioak eta Bilbao Exhibition Centre zentroak elkarlanean antolatzen dute Marine Energy Week Kongresuaren edo biltzarra, energia-sektorean liderra den IBERDROLA enpresaren babesarekin eta Navantiaren, Roxtecen eta Gamesaren laguntzarekin.

Asteari hasiera emateko, zenbait sektore-bilera egingo dira, eta itsas energiekin lotutako zenbait europar proiektu aztertuko dira, tailerren eta topaketa profesionalen bitartez.

Bigarren egunean, martxoaren 28an, BiMEP Day izeneko jardunaldi zientifikoa antolatuko da, Energiaren Euskal Erakundea Bizkaiko kostaldean, Armintzaren parean, garatzen ari den BIMEP proiektua aztertzeko. Itsaso zabaleko olatuen bitartez elektrizitatea sortzeko zenbait teknologiarekin testak egiten ari dira proiektu horren esparruan. Egun horretan, BiMEPeko instalazioak bisitatzeaz gain, topaketa profesional garrantzitsua egingo da Iberdrolaren eta energia-sektoreko enpresa nagusien artean, etorkizunari begira aztertzen ari diren proiektuen berri emateko.

Biltzarraren hirugarren eguna, martxoaren 29a, itsas eolikoaren eguna izango da, eta itsas aerosorgailuen alorrean egin diren azken aurrerapenen berri emango da, munduko fabrikatzaile nagusien eskutik. Jarraian, hornidura-katearen eragile nagusiek offshore eolikoa-sektorearen osagarri diren zenbait alderdi aurkeztuko dituzte, hala nola zimendatzeak, instalazio elektrikoak, eta itsas parkeetako eragiketak eta mantentze-lanak.

Astearen amaierara hurbildu ahala, biltzarra ozeano-energietan zentratuko da, eta bilera bat egingo da olatuen energian lortu diren azken aurrerapenen berri emateko. Gainera, saio berezi bat egingo da itsas teknologien kostuak murrizteko, itsaso zabalean benetan egindako esperientziak jakitera emateko.

Energia-hornikuntzarako potentzial handia eskaintzen du itsasoak itsas eolikoaren bidez, baita olatuak atzitzeko gailuen bidez ere. Energia elektriko berriztagarriaren sorkuntza berri horrek energia- eta ingurumen-abantailak dakartza, hala nola emisioen murrizketa, eta aukera handiak ere eskaintzen dizkio euskal industriari. Itsas energiako proiektu horiek mundu osoan barrena ezartzeko ekimenaren buruan egoteko behar den teknologia-azpiegitura eta ontzi-azpiegitura dauka Euskadik, baita balio-kate egokia ere, bere industriaren, teknologiaren eta osagai-fabrikazioren ahalmenari esker.

Energiaren Euskal Erakundeko arlo teknikoko zuzendari Javier Marqués jaunak nabarmendu duenez, energiaren sektorea funtsezkoa da euskal ekonomiarentzat (teknologia-garapeneko estrategia desberdinetan ikus daitekeenez) eta hornikuntza-iturri berriztagarri berriak garatzeko. Ildo horretan, Euskadik proiektu liderrak ditu abian, adibidez, Mutrikuko olatuen teknologiak sortu eta ikertzeko planta eta BiMEP itsaso zabaleko egitura.

“Euskadin offshore eolikoa garatzeko industria-ahalmena bi faktoreren bat-egitean oinarritzen da: batetik, Euskadi lehen mailako erreferentzia da lur-eolikaren alorrean duen esperientziari esker, eta, bestetik, ongi sustraitutako ontzigintza izan du betidanik”, adierazi du Javier Marquések.

Bestetik, TECNALIAko negozio-garapeneko zuzendari Javier García Tejedor jaunak nabarmendu duenez, “itsas energia garatzeko ahalegin handiak egiten ari dira, epe ertainean euskal industriak ur sakonak dauden lekuetarako soluzio errentagarriak gara ditzan lortzeko, itsas aerosorgailuetarako sistema flotatzaileak erabiliz.”

Honako hau ere adierazi du: “olatuek egundoko energia-ahalmena dute, baina guk errentagarritasuna lortu behar dugu aprobetxamendu horretatik”. Ildo horretan, Iberdrolak eta Tecnaliak OCEANTEC enpresa berria sortzea sustatu zuten bere garaian, eta esan beharra dago enpresa horrek aurrerapen handiak egin dituela. Esaterako, BiMEPen prototipo bat instalatu dute, itxura guztien arabera datozen urteetan emaitza interesgarriak lortuko dituena.

World Maritime Week

Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusi Xabier Basañez jaunak, berriz, errepaso labur bat egin nahi izan du hainbat erakundek itsas eremuaz jarduteko foro erkide bat sortzeko aurrera daramaten lankidetza emankorraren inguruan. “Bilbao Exhibition Centrek hasiera-hasieratik babestu du Marine Energy Week, sektore horren aldeko apustu estrategikoarekin bat egiteko gure esku dagoen guztia jarriz, Euskadi sektore horretan erreferentzia dela kontuan hartuta. Kontuan hartzekoa da, gainera, itsas energiaren eta ontzigintza-sektorearen arteko sinergiak ugariak direla, eta, horren adierazgarri, 2013. urteaz geroztik ekimen hau eta gure Sinaval-Eurofishing azoka aldi berean antolatzea oso mesedegarri gertatu da guztiontzat”, ziurtatu du.

Aurten, Bilbao Exhibition Centrek urrats bat aurrerago joan nahi izan du eta World Maritime Week sortu du, ontzigintza-, arrantza-, energia- eta portu-sektoreak bateratuz kontzeptuzko planteamendu berri bat dakarren marka. Basañezek azaldu duenez, “eremu horiek beren izen nagusiei eutsiko badiete ere –Sinaval, Eurofishing, Marine Energy Week eta FuturePort–, hemendik aurrera koordinatu egingo dira xede bakar batekin: indarrak batu nazioartean oihartzun handiagoa lortzeko”.

Iberdrola itsas energietan

Marine Energy Week Kongresua eratu zenetik, IBERDROLAk oso modu aktiboan hartu du parte, itsas energia berriztagarrien alorrean nazioarteko foro erreferentzialtzat jotzen baitugu.

IBERDROLAk apustu sendoa egiten du horrelako energia proiektuen garapenaren alde, sektore elektrikoaren aurrerapenari begira, teknologia estrategikoa eta funtsezkoa delakoan gaude.

Aipatutako jarrera horren erakusle da, besteak beste, lehen itsas parke eolikoa martxan jarri izana, 2014. urtean, Erresuma Batuan, West of Duddon Sands izenarekin. Horretaz gain, baditugu garapen fasean beste ekinbide batzuk ere, adibidez, Wikinger deitutakoa Alemaniako uretan. Datozen urteetan Frantzian eta Erresuma Batuan ere ildo bereko beste proiektu batzuk garatuko ditugu.

Itsas energiari lotutako teknologia lehiakortasun maila egoki lortzeari begira, ahalegin handia egiten ari gara, giza eta diru baliabideak jarriz eta berrikuntza sustatuz, sorkuntza elektrikoaren mixean haren parte hartzea areagotzeko xedez.

Horretarako, IBERDROLAko kideok, are gehiago euskal enpresa garen aldetik, uste oso dugu kongresu honen hirugarren edizioa leku ezin hobea dela itsas energiaren aurrerapen nagusiak eta egoera azaltzeko eta eztabaidatzeko.

Kongresuan azaldu eta ezagutaraziko denetik ikasteaz batera, alor honetan oso emankor izaten ari den gure esperientziaren berri emango dugu IBERDROLAkook.

-ek idatzirik|2017-03-17T12:35:39+01:0017 de martxoa de 2017|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top