Negozioak egiten dituzten pertsonak

«Pertsonak gara, eta pertsonek egiten dituzte negozioak». Horrela adierazi zuen Navantia-ko Marketineko buru Patricia Ramosek zeinen pozik dagoen bere ontziolak World Maritime Week-en bigarren edizioan erakusketari gisa parte hartu duelako. Ramosek Bilbao Exhibition Centre-ko topaketa honen alderdi gizatiarra nabarmendu zuen; izan ere, «B2B topaketek, afariak eta FINE sariek sektore honetan dihardugun enpresen arteko harremanak sustatzen dituzte».

Ehun bat enpresak aurkeztu diete beren lana bisitariei Luxua pabiloiko erakusketa-gunean, eta gehienek, gainera, goi-mailako nazioarteko erosleekin antolatutako B2B topaketetan parte hartu dute. Bertan izan dira, besteak beste, Zamakona, Armón, Emerson, Man, Finanzauto, Bombas Azcue eta Murueta ontziolak, baita Navantia bera ere.

Enpresa laguntzaileak ere (bereziki propultsiokoak) Luxua pabiloian izan dira, eta hori oso interesgarria izan da Zamakona ontziolarentzat. Euskal ontziolako arduradun komertzial Luis Magroren arabera, «kontua da ziurrenik etorkizunean balio izango diguten hornitzaileak aurkitu ditugula». Navantia-ri ere «merezi izan» dio World Maritime Week-era etortzea; Izan ere, Patricia Ramosen arabera, «azokan, Espainiako itsas industria guztiarekin egon zaitezke harremanetan, denak baikaude hemen, baita enpresa laguntzaileak ere».

Bisitari asko izan ditu Armón asturiarraren standak, eraiki duten azken itsasontziaren maketa bikainak erakarrita. «Bisitari asko etorri zaizkigu (batzuk, gainera, atzerrikoak) ECO LNG itsasontzia ikustera. Itsasontziak 1.200 bidaiari eta 500 ibilgailu garraia ditzake, eta gas likidotuzko motorrak dituen munduko lehenengoa da.  Hiru ordu baino ez ditu behar Bartzelonatik Mallorkara».

Bestalde, Rings Around the World enpresa estatubatuarreko presidenteorde eta finantza-zuzendari John F. Gois oso pozik zegoen azokan parte hartu dutelako eta «oso kontaktu onak» egin omen ditu, bere helburu nagusietako bat.

-ek idatzirik|2019-02-14T17:48:41+01:0014 de otsaila de 2019|Albisteak|Comments Off on Negozioak egiten dituzten pertsonak
Go to Top