Sektore ezberdinen arteko lankidetza izan da World Maritime Week astearen bost egunen protagonista

Martxoaren 27 eta 31 bitartean ospatu da, BECen

Itsasoko, arrantzako, portuko eta itsas energien sektoreen arteko interakzioa aukera aparta da, aste osoan zehar World Maritime Week-en agerian geratu den bezala bere hiru gune nagusietan: kongresua, B2B elkarrizketen programa eta erakusketa-eremua. Guztira 1747 profesionalek hartu dute haietan parte Bilbao Exhibition Centre-n, azken aurrerapen teknologikoak ezagutu eta negozio-aukera berriak aurkitzeko “ekonomia urdina” deritzon itsasoko industrien arloan, zeinak egun 275.000 milioi euro mugitzen dituen Europar Batasunean.

World Maritime Week azokaren inaugurazioan, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariak, Iñigo Urkullu, ekimen honen garrantzia azpimarratu zuen, lau sektore estrategiko bateratzen baititu. “Guztiek nazioartean ospea irabazteko helburuarekin batu gara. Euskadin balio-kate osoa dugu itsas sektore globalean proiektuak zuzentzeko: industria gaitasuna, gaitasun teknologikoa eta osagaien fabrikazioa.” Bestetik, Espainiako Itsas Klusterraren Presidenteak ere, Alejandro Aznar, halako ezaugarriak dituen ekitaldi bat ospatzea oso egokia zela nabarmendu zuen inaugurazioko osoko bilkuran. “Goi-mailako sektoreen eta eskualdeen artean harremanak sortzeko baliagarria den topagune bat eratzea aparta da”, adierazi zuen.

Erakusketa-eremuan guztira 75 erakusketarik hartu dute parte: hainbat ontziola garrantzitsu (La Naval, Zamakona, Murueta, Balenciaga, Navantia, Armon, Gondan edo Atlanticeagle Shipbuilding) eta bateratutako lau sektoreen itsas zerbitzuen propultsioan, elektronikan, osagaietan eta zerbitzuetan lider diren beste hainbat enpresa. Kongresuari dagokionez, 16 herrialdeko goi-mailako 100 aditu inguruk eman dute itsas munduaren azken berriei buruzko euren ikuspegi espezializatua. Saioetan parte hartu duten 600 partaide inguruen iritzia oso ona izan da. Sinaval programaren ildo nagusiak ondorengoak izan dira: “Ingurumen-aztarnaren murrizketa”, “Pleitarien ikuspegia”, “Nazioarteko merkatu militarrak eskaintzen dituen aukerak” eta “Euskal itsas industriaren erronkak eta 2017-2020 plan estrategiko berria”. Eurofishing blokea “Atunontzi izoztaileei” eta “Etorkizuneko arrantza” gaiei eskaini zaie. Futureport-en, aldiz, “Itsas eta portuko industria jasangarriago baterako azpiegiturak eta ekipamendua” aztertu dira. Bestetik, “Itsas energia eolikoa” eta “Ozeanoko energiak” gaien inguruko beste bi jardunaldi tekniko izan dira Marine Energy Week programaren protagonistak.

Programatutako negozio-bilerak, arrakastaren gakoetako bat

Erakusketarien eta erosleen arteko agenden B2B programak izan dira, zalantzarik gabe, World Maritime Week-aren elementu estrategikoetako bat. Sinavalen eremuan, topaketak 31 ontzi-konpainia eta eraikuntza-konpainia bildu ditu, hurrengo herrialdeetako hainbat ingeniaritza-konpainiaz gain: Filipinak, Malasia, Singapur, Indonesia, Tailandia, Alemania, Grezia, Danimarka, Irlanda, Iran, Frantzia, Belgika, Maroko, Turkia, Txipre, Egipto, Holanda eta Vietnam.

“Produktu berritzaileen bila nabil, eta hemen aurkitu ditut goi-mailako irtenbideak, Igusek edo Roxtec-ek eskaintzen dituztenak esaterako; nire lanaren erronka nagusiak efizientzia eta gastuen murrizketa dira eta, hori lortzeko, gakoa berrikuntza eta sektoreen arteko sinergia dira. Hornitzaile askorekin egin ditut bilerak, eta beste programek eskaintzen dituztenen desberdinak gainera; enpresetako %80tik gora berriak ziren niretzat, oro har inguruko zirkuituetan mugituko direlako” adierazi du John Hungek, BP International-eko Global Category Managerra.

Bestetik, Chriso Eviripidouk, Safebulkers Management Txipreko armadorearen Hornikuntza Gerentea, topaketen inguruko bere iritzi ona eman du aditzera. “Halako programetan parte hartzen dut sarri, mundu osoan zehar solteko gaien 41 itsasontzi ditugulako eta hainbat herrialdeko hornitzaileren laguntza behar izaten dugulako. 10 elkarrizketa egin ditut, eta ezagutu ditudan enpresak oso baliagarriak zaizkit konponketak, ordezko piezak eta abar behar ditudanerako”, azaldu du.

Aldi berean, agenda sozialak hitzordu honen elementu aglutinatzaile gisa jardun du. Deialdi aipagarrien artean, astearte gauean FINE 2017 Sariak banatu ziren. Itsasoko sektoreko profesionalen lana saritu zen ekitaldian, zazpi estatuatxoren bitartez: itsasontzi nabarmendua, ontziola nabarmendua, armadore nabarmendua, itsas ingeniaritzako proiektu nabarmendua, erakunde nabarmendua, profesional nabarmendua eta ibilbide profesionalari eskainitako saria. Nazioarteko itsas sektoreko 300 profesionaletik gora gerturatu ziren sarien banaketara.

“Itsasontzi nabarmendua” kategorian, Texelstroom izan zen saritua, Construcciones Navales del Norterena (La Naval). “Ontziola nabarmendua” saria, aldiz, Construcciones Navales Paulino Freirek irabazi zuen; “Armadore nabarmendua” Suardiaz Taldeak; “Itsas Ingeniaritzako Proiektua” Foran Sistemak, Senerrena; eta “Erakunde nabarmendua”, Salvamento Maritimok; bestetik, Juan Manuel Aranak, Muruetako ontzi-konpainiaren Presidenteak jaso zuen “Ibilbide profesionalari eskainitako saria” eta Manuel Moreuk, Seaplaceren Zuzendariak, “Profesional nabarmendua” saria.

Iragarki oso adierazgarria: WindEurope 2019 BECen

Marine Energy Week-en albiste oso garrantzitsu bat eman zuten aditzera. Kongresuaren lehenengo egunean parte hartu zuela eta, Giles Dicksonek, Europako Energia Eolikoko Elkartearen Kontseilari Delegatua, ezagutzera eman zuen entitate horrek 2019ko udaberrian “WindEurope Congress & Exhibition” Bilbao Exhibition Centre-n ospatuko dela. “Bilbo aukeratu dugu 2019ko urteko ekitaldia ospatzeko, besteak beste, Euskadik sektore eolikoan industria-sare garrantzitsua duelako. Egun, sektoreak totalaren %10 baino gehiago fakturatzen du, beraz, oso eskualde garrantzitsua da”, adierazi zuen erabakia azaltzeko orduan. “WindEurope Congress & Exhibition” elkartearen erreferentziarako ekitaldietako bat da. Mintegiez gain, aldika workshop-ak eta konferentziak antolatzen ditu eta Europako ekitaldirik garrantzitsuena da bere espezialitate-arloan, mundu osotik etorritako batez besteko 10.000 profesional eta 50 herrialdetako 450 enpresa erakusketaritik gora hartzen baititu.

-ek idatzirik|2017-04-07T06:46:27+02:007 de apirila de 2017|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top