Nazioarteko hitzarmenek iraunkortasunerako duten garrantzia, Eurofishing kongresuko eztabaidaren ardatz

Sektorea egituratzeko sinatzen diren nazioarteko hitzarmenen garrantzia eta, funtsezko kontzeptu gisa, iraunkortasuna izan dira Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Eurofishing kongresuaren gaur goizeko jardunaldian eskaini duen irekiera-hitzaldiaren ardatz. Orozen hitzetan, «atunaren sektoreari interesatzen zaio gehien arrain-populazioak orekaz eta arduraz kudeatzearen alde egitea». Orozek beharrezkotzat jo du itsasoak antolatzea nazioarteko hitzarmenak eginda; izan ere, halako hitzarmenak oinarrizko tresna dira legez kontrako arrantzari aurre egiteko, urtean 21.168 milioi euro mugitzen baititu mundu osoan. Hitzarmenek garrantzi berezia izan dute gaurko saioan, Gabongo eta Seychelleetako gobernu-ordezkariak izan baitira bertan.

Horretaz gain, Bittor Orozek Atunontzi Izoztaileen Sektorerako Plan Estrategikoko jarduera nagusiak gogorarazi ditu; besteak beste, tunido tropikalen espezie eta tamainak zehazteko hautakortasun akustikoa hobetzea, eta atunetarako inguraketa-ontzietatik manta-arraiak eta marrazoak askatzeko tresnak eta protokoloak garatzea eta probatzea, baita proiektuak gauzatzea ere, hala nola Bermeo Tuna World Capital. Ekimen hori aliantza publiko eta pribatuaren emaitza da, eta Bermeoko atunaren balio-kateko eragile guztiak erakarri nahi ditu, herriaren eragin ekonomiko eta soziala eztabaidaezina baita. Bermeoko ontziek munduko tunidoen % 10 harrapatzen dituzte, eta guztira 6.000 lanpostu sortzen, nola zuzenekoak hala zeharkakoak.

AZTIko Tunidoen Ikerketa Taldeko arduradun Josu Santiagok moderatu du jardunaldia. Santiagok bileraren bi blokeak aurkeztu ditu; bloke horietan, sektoreak Ozeano Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan izan dituen esperientziak ezagutarazi dira, eta munduko atun-baliabideen egoera aztertu.

-ek idatzirik|2019-02-12T16:12:06+01:0012 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top