Itsasoa eta berrikuntza teknologikoa: bi alderdi erabakigarri WMW-en

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, inaugurazioan

«Itsasoa eta berrikuntza teknologikoa Euskadiko jarduera ekonomiko eta industrialaren bi alderdi erabakigarriak, bereizezinak eta adierazgarriak dira. Gaur, World Maritime Week hasi denez BEC-en, arrantzaz hitz egingo dugu, ontzigintza-industriaz, energia berriztagarriak sortzeko teknologiez, eta portu-azpiegitura sendo eta lehiakorrak izateaz, bai ekonomia-, arrantza- eta industria-jardueraren zerbitzura, bai aisialdirako eta gozamenerako guneen zerbitzura; betiere, kirol-portuen sarea kontuan hartuta». Halaxe esan die Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak biltzarraren osoko bilkurara etorri direnei.

Arantxa Tapiaren arabera, «AZPIEGITUREN ikuspegitik, gure kokapen geografikoak zerbitzu punta-puntakoenak emateko prest egotea eskatzen digu. Portuak funtsezko garraio-nodoak dira merkataritza-trafikorako, arrantza-trafikorako eta itsas nahiz kirol-trafikorako. Hori dela eta, adi egon behar dute eskari berriei, eta prest haiei erantzun eraginkorra emateko; portuen digitalizazioa eta 4.0 teknologiaren erabilera errealitate bat da jada».

Euskal sailburuak gaineratu duenez, «etengabeko hobekuntza horretan, garraio multimodalaren eta trenbidearen eta portuaren arteko loturen aldeko apustua sendotzen ari gara. Itsasoko eta lurreko jarduerak trenbidearen bidez hobeto lotzea da gure erronka».

Hauek hartu dute parte World Maritime Week-en osoko bilkuran: Antonio Garamendi, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidentea; Philippe Louis-Dreyfus, Louis-Dreyfus taldeko presidentea; Alejandro Aznar, Espainiako Itsas Klusterreko eta Ibaizabal taldeko presidentea; Juan Riva, Suardiaz taldeko presidentea; Benito Núñez, Merkataritzako Nabigazioko Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusia; Patrick Verhoeven, International Association of Ports and Harbours (IAPH) elkarteko zuzendari kudeatzailea; Javier Garat, CEPESCAko idazkari nagusia; eta Xabier Viteri, Iberdrola taldeko Berriztagarrien Arloko Negozio Garapeneko zuzendaria.

-ek idatzirik|2019-02-12T17:17:43+01:0012 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top