Gas naturala itsas garraioan: aukera berri bat

Gas naturalak Euskadiren energia-mixean duen garrantzia eta itsas garraioaren arloan sortzen ari diren aukera berriak izan dira Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolak emandako hitzaldiaren funtsezko bi ardatzak.

EEEko zuzendari nagusiak esan duen bezala, «gasa Euskal Autonomia Erkidegoaren energia-iturri nagusietako bat da; izan ere, kontsumoaren % 35 dagokio, eta, aurreikuspenen arabera, 2030ean % 42raino iritsiko da». Era berean, garraioaren sektorea gas-kontsumitzaile handienetako bat bihurtzen ari da; areago, bigarren urtez jarraian, bigarren tokian dago energia-kontsumoan, industriaren atzetik.

Errealitate horrek, energia-kontsumoa pixkanaka deskarbonizatzearen ondoriozko beharrekin batera, oso baliabide interesgarria bihurtzen du gasa trantsizio horretan lagunduko duen energia gisa. Itsas garraioan ere hauteman da bilakaera hori. Iñigo Ansolak azaldu duen bezala, EEEk faktore horiek guztiak elkartu eta gasaren alde egitea erabaki du itsas garraioko energia-iturri gisa; horretarako, Oizmendi itsasontzia uretaratu zuen, eta, duela urtebete, Ipar Itsasotik kanpoko lehenengo ship to ship eragiketa (ontzi batetik bestera gasa kargatzekoa) egin zuen Bilboko portuan. Horretaz gain, Bahia de Bizkaia Gas (BBG) enpresaren pantalanak egokitu ziren, gasez dabiltzan itsasontziak hornitzeko.

Errealitate hori kontuan hartuta gas-eskaria gero eta handiagoa izango denez, Iñigo Ansolak nabarmendu du oso garrantzitsua dela itxura guztien arabera Euskadik badauzkan berezko baliabideen alde egiten jarraitzea, inportatutako gasarekiko dugun erabateko menpekotasuna gutxitzeko.

-ek idatzirik|2019-02-13T16:35:56+01:0013 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top