Estatu-ontziak: itsasoko segurtasunaren eta defentsaren ikuspegia eta joerak

Gaur goizean, BECeko 1. auditorioan, eman dio hasiera Espainiako Itsas Klusterreko presidenteorde José de Larak Sinaval biltzarrari, «Estatu-ontziak: itsasoko segurtasunaren eta defentsaren ikuspegia eta joerak» gaia lantzeko. Haren arabera, «defentsa eta segurtasuna guztiaren oinarria dira; gure etorkizunaren bermea».

Mahai-ingurua Navantiako Defentsako eta Segurtasun Nazionaleko salmenta-zuzendari Juan de la Cuevak moderatu du, eta sektoreko eragile nagusiak bildu ditu. Bertan izan da Juan Luis Pérez Martín, Guardia Zibileko jenerala, eta hainbat alderdi aztertu ditu; besteak beste, zer eskumen dituen Guardia Zibilak itsasoan, zer baliabide dituen itsasoa zaintzeko, itsas zabaleko zer itsasontzi erabiltzen dituen, eta nazioartean nola zabalduta dagoen. Bestalde, Aduanak Zaintzeko Itsas Teknologiaren Arloko buru Fernando de Ceak azterketa zehatza egin du itsasoa zaintzeko eta eragiketa bereziak egiteko duten estrategiari buruz.

Itsasoko Laguntza eta Segurtasunaren Elkarteko Operazioetako zuzendari ondoko Joaquín Maceiras Saboridok bere unitatearen lana aurkeztu du. Unitate horrek 25 urte baino gehiago daramatza lanean, eta haren lan-arlo nagusiak itsasoko bilaketak eta erreskateak, kutsaduraren aurkako borroka eta itsasoko trafikoaren kontrola dira. Espainiako Itsas Armadako Ingeniaritza eta Ontzigintzako zuzendari Manuel Antonio Martínez Ruiz almiranteordeak gaur egungo eredura iritsi arte azken urteotan itsasoko segurtasunean eta defentsan izan den bilakaera izan du hizpide; haren hitzetan, eredu horrek teknologia ekarri du itsas armadaren ontzietara, eta beste berrikuntza batzuk ere ekarriko ditu etorkizunean.

Nazioarteko ordezkariei dagokienez, SEA EUROPE elkarteko Naval Executive Secretary Pierre Perrocheauk hitz egin du mahai-inguruan. Elkartearen helburua da Europar Batasunari eta haren estatu kideei ekintzarako askatasuna antolatzeko esperientzia, teknologia eta gaitasunak eskaintzea. Bestalde, Txilek Espainian duen itsas agregatu Marcelo Zoppi kapitainak, besteak beste, Txileko itsas armadaren eginkizun nagusiak azaldu ditu, baita ontzigintzan eta itsasoan dauzkan ahalmenak eta erronkak ere, nola epe motzera hala luzera.

-ek idatzirik|2019-02-12T16:34:47+01:0012 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top